1. Hasiera
  2. Eskultoreak
  3. Barrenechea, León

Barrenechea, León

León Barrenechea Pérez (Irun, 1892-Frantzia, ?). Marrazkia Bilboko Arte eta Lanbide Eskolan ikasi zuen, eta eskultura, Madrilen, Agustín Querolen lantegian, non sei urtez aritu baitzen. 1910eko hamarkadan, hainbat aldiz parte hartu zuen elkarren jarraian Arte Ederretako eta Artea eta Dekorazioko Erakusketa Nazionaletan, eta hainbat domina eta ohorezko aipamen jaso zituen. 1912an, Madrilgo Arte Ederretako Zirkuluak antolaturiko lehiaketa nazional batean parte hartu eta bigarren saria eskuratu zuen, hau da, Monakon egindako nazioarteko eskultura-lehiaketa batean lorturiko sari berbera. Handik gutxira, halaber, eskultura publiko eta monumentala lantzeari ekin zion; izan ere, Sarasateren omenez Iruñean 1918an eraikitako monumentuaz gain, urte haietan beste bi monumentu egin zituen Donostian, Maria Kristina erreginari eta Lehen Mundu Gerran hildako frantsesei eskainiak. Beti estilo errealista landuz, bestelako generoak eta gaiak ere jorratu zituen, hala nola euskal ohituren eta tipoen eskultura - horixe izaki bere arte-ekoizpenaren alderdirik orijinalena-, eta erlijio-eskultura. Gerra Zibila piztu zenean, Frantziara erbesteratu zen eta, denbora puska batez, Belloc-eko abadia beneditarrean egon zen gorderik, Baionatik hurbil. Bizitzaren azken urteak Frantzian eman zituen. León Barrenechearen obrak ekarpen garrantzitsua egin zion XX. mendearen lehen hereneko Gipuzkoako eskulturaren panorama apalari. Hainbat bilduma eta museotan daude haren lanak, besteak beste Donostiako San Telmo Museoan. Haren eskultura publikoak Donostia, Eibar, Iruña, Madril eta beste leku batzuetako kale eta plazetan daude kokatuta.

JJAL

Informazio-iturriak:

Iruñeko Udal Agiritegia. LAGO, S., Artistas jóvenes: El escultor León Barrenechea, La Esfera: ilustración Mundial, 82. zk., 1915eko uztailaren 24a, o.g. ALTADILL, J., Los monumentos a Navarro-Villoslada y Sarasate. El mausoleo de Gayarre, Nafarroako Monumentu Historiko eta Artistikoen Batzordearen Buletina, 9. liburukia, 36. zk., 1918, 265-69. or. El acto de hoy. El monumento a Sarasate, Diario de Navarra, 1918ko irailaren 22a. Inauguración solemne del monumento a Sarasate, Diario de Navarra, 1918ko irailaren 23a. El busto de Eslava sustituirá al de Sarasate, Diario de Navarra, 1964ko urtarrilaren 24a. PLAZAOLA, J., La escuela vasca de escultura, Euskal Artea, Donostia, Erein, 1982, 202. or. MOLINS MUGUETA, J. L eta URRICELQUI PACHO, I. J., Artistas en homenaje a Sarasate. Álbum de Roma 1882, Iruña, Iruñeko Udala, 2009.