1. Hasiera
  2. Eskultoreak
  3. Bartolozzi, Rafael

Bartolozzi, Rafael

Rafael [Lozano] Bartolozzi, Iruña, 1943-Vespella de Gaià, Tarragona, 2009. Sormen handiko artista honek pinturan, grabatuan, ilustrazioan, zeramikan, eraikinen kanpoaldeko apainketan (Parets del Vallésko Tipel Lantegia), esku-hartzeetan eta erakustaldietan utzi du bere aztarna, bai eta eskulturan ere, eskulturaren kontzepturik askeen eta modernoenean. 1964an Kataluniari lotu zitzaion. Bartzelonako San Jorge Arte Ederretako Goi Eskolan ikasi zuen eta Sant Cugat del Vallésko Horma-irudiko Pintura Eskolan ere bai. Ikastegi haietan, Eduardo Arranz Bravo ezagutu eta harekin batera aritu zen 1965etik 1983ra. Biak ere klasizismo tradizionaletik abiatu ziren, baina azkenean errealismo berrietarantz jo zuten (neo-dadaismoa, popa), betiere hizkuntza surrealista baten bidez adieraziak; hizkuntza horrek Dau al Set talde informalistaren hastapenak ekartzen dizkigu gogora, eta Picasso, Miró eta Dalí izan zituen erreferentzia. Ingurunean oso interesatuta, eskultura hirietako giro aztoratuan txertatzea izan du xede, hain zuzen ere kontrastea bilatzeko monumentuaren betierekotasunaren aurrean (adibidez, Iruñeko Bakearen plazan edo Bartzelonako Udalerako egindako eskultura-iturrietan). Bere lanak, besteak beste, tokiotan daude: Sevillako, Las Palmaseko, Santa Cruzeko, Villafamésko (Castelló), Malpartidako (Caceres), Cadaquéseko (Girona) eta Eivissako Arte Garaikideko Arte Museoak, Madrilgo Reina Sofía Arte Gunearen Museoa, MACBA (Bartzelona), Nafarroako Museoa, Salvador Allende Erresistentziaren Museoa (Santiago de Chile) eta Nikaraguako Museoa. Beste batzuekin batera Espainiako ordezkaria izan zen Veneziako Bienalean, 1980an. 1992an, Kirola Arte Ederretan Nazioarteko X. Bienalaren Sari Nagusia (Bartzelona) eskuratu zuen.

FJZC

Informazio-iturriak:

Artista bera. Y Bartolozzi al Castell de Torredembarra. Torredembarrako Udala [Tarragona], 1992. Bartolozzi. Metamorfosi de la natura. Bartzelona, Institut Catalá d"Estudis Mediterranis, 1995. CASAS, C.-BARNILS, R. Arranz Bravo/Bartolozzi. Fiesta de la confusión. Bartzelona, Lumen, [s.a.]. LIZARRETE, J.-ZALBIDEA, V. Bartolozzi, inventario de material ruinoso, Tropos, 3/4, 1972, 75-76. or. SANTOS TORROELLA, R. Rafael Bartolozzi y la metamorfosis, ABC de las Artes, Madril, 1995eko apirilaren 28a, 27. or. ABELLÓ, J.-LUNA, B.- BARTOLOZZI, R. Bartolozzi 1991-2004. Bartzelona, Àmbit Serveis Editorials, 2004. Zenbaiten Artean. Aventuras maravillosas de Bartolozzi, Bartzelona, March Argitaletxea, 2005.