1. Hasiera
  2. Eskultoreak
  3. Arcaya, Ramón

Arcaya, Ramón

Ramón Arcaya (Iruña, 1895-1943). Oso gaztetatik agertu zuen arte-bokazioa eta, horrela, 1907an sartu zen Arte eta Lanbide Eskolan, non Fermín Istúriz tailugilearen eskutik hasi baitzen ikasten. Lehenbizi, Foru Diputazioak eta, geroago, Iruñeko Udalak, emandako pentsioari esker ikasten jarraitu zuen eta eskultura-tekniken prestakuntzan sakondu zuen. Lehenik, Madrilera jo eta San Fernando Akademiako Pintura, Eskultura eta Grabatu Eskolan matrikulatu zen; 1918tik aurrera Miquel Blay gironarrak - zeinak laudorio ederrak egin zizkion nafar artista gazteari- eta Miguel Ángel Trilles madrildarrak eman zizkioten eskolak. Gero, Parisa joan zen eta, han, Antoine Bourdelleren dizipulua izan zen, zeinak errealismo klasikotik nahiz Rodinen espresionismotik edana baitzuen. 1920ko hamarkadan, prestakuntza osatu zuen, Espainian, Frantzian eta Italian barna ibiliz. Errenazimentuko eskultura-moldeak liluratu zuen -Donatello eta Michelangelo artisten lanek, hain zuzen-, baina bere lanek beste artista batzuen eraginak ere jaso zituzten, hala nola Meunier, Julio Antonio edo José Capuz artistenak, bai eta Gustave Doré ilustratzailearenak ere. Iruñean lantegi bat ireki ondoren, eskulturaz gain, dekorazio industrialeko lanak ere egin zituen. Lan gehienak Gerra Zibila piztu aurretik egin zituen eta, bereziki, eskultura monumentala landu zuen; lan horren bidez, Víctor Eusarekin aritu zen lankidetzan, arkitekto iruindarrak Bigarren Zabalgunean diseinaturiko eraikinetan. Halaber, Jesusen Sarrera Jerusalemen pausoa egin zuen, Iruñeko Nekaldiaren eta Nekazarien Ermandadeek 1924an enkargaturik, Doré eskultorearen eta Aurre-rafaelismoaren kutsuak dituela. 1932an, Modelatu, Hustuketa eta Tailu postua eskuratu zuen Iruñeko Arte eta Lanbide Eskolan, irakasle izan zuen Fermín Istúrizen ordez, eta kargu horretan iraun zuen harik eta 1938an, buruko eritasun batek beharturik, postuari uko egin zion arte.

JJAL

Informazio-iturriak:

Iruñeko Udal Agiritegia.El Monumento a los muertos, Diario de Navarra, 1922ko irailaren 2a.La inauguración del Monumento a San Francisco, Diario de Navarra, 1927ko irailaren 20a.Bendición y entrega del monumento a San Francisco de Asís, Diario de Navarra, 1927ko irailaren 27a.IRIBARREN, M., Ramón Arcaya, un escultor malogrado, Pregón, 1945eko Iraila-Urria.MURUZÁBAL DEL SOLAR, J. M., El escultor Ramón Arcaya, Pregón Siglo XXI, 21. zk. 2003.