1. Hasiera
  2. Eskultoreak
  3. Aquerreta, Juan José

Aquerreta, Juan José

Juan José Aquerreta (Iruña, 1946) 1962an hasi zen artea ikasten bere hiriko Arte eta Lanbide Eskolan. Bertan, Gerardo Sacristánengandik eta Leocadio Muro Urrizarengandik jaso zuen prestakuntza, eta Isabel Baquedanoren miresle izan zen. Handik lau urtera, Madrila joan zen, Nafarroako Foru Diputazioak emandako bekari esker, San Fernando Arte Ederretako Eskolan matrikulatzeko; han, Pedro Mozos, Ángel Medina, Francisco Echauz eta Antonio López izan zituen irakasle. Iruñera itzulitakoan, Moreno Galvánek Iruñeko Eskola deitutakoari lotuta egon zen artista bere hastapenetan. Eskola horrek gizartearen errealitatea eta hiri-ingurunea zituen interesgune. Aquerretak, gainera, Iruñeko Topaketak ekimenean parte hartu zuen (1972). Artegintzan jardutearekin batera, irakasle-lanetan ere aritu zen, 1981ean hasi baitzen pintura- eta marrazketa-eskolak ematen Iruñeko Arte eta Lanbide Eskolan. Bere ibilbidearen hasieratik, obra ospetsu askoa egin du, eta erakusketa askotan parte hartu du, bakarka nahiz taldeka; arlo horretan nabarmentzekoa da hainbat aldiz jarraian parte hartu duela Arte Garaikidearen Nazioarteko Azokan (ARCO), Madrilen. Bere ibilbidean, hainbat sari eskuratu ditu, 1967an Moreno Higueras Aparteko Pintura Saria lortu zuenetik, San Fernando Arte Ederretako Eskolan. Lehen sariari beste sari asko jarraitu zitzaizkion, hala nola Euskal Pinturaren Nazioarteko Sari Nagusia (Donostia, 1967 eta 1973), Nafarroako Aurrezki Kutxaren Lehiaketa (1970), Iruña Hiria Lehiaketa (1972), Arte Garaikideko Nazioarteko Lehiaketa, Nafarroako Gobernuak deitua (1983), Montecarloko XXXIV. Prix International d"Art Contemporain saria (2000), edo Grand Prix de SAS Le Prince Rainier III (2001). 2001ean, Arte Plastikoetako Sari Nazionala irabazi zuen, eta 2003an, Kulturaren Vianako Printzea Saria. Bere lanak Espainiako hainbat hiritako museo eta bilduma publiko eta pribatu ugarietan dago, bai eta Santiago de Chileko Salvador Allende Museoan ere.

JJAL

Informazio-iturriak:

Conversaciones con artistas navarros: Juan José Aquerreta Últimamente, Iruña, Nafarroako Gobernua, 2007.