1. Hasiera
  2. Eskultoreak
  3. Anda, José Ramón

Anda, José Ramón

José Ramón Anda Goikoetxea, Bakaiku, 1949. Ikasketak San Fernando Arte Ederretako Goi Eskolan (Madril) eginik, Erroman jarraitu zuen ikasten Espainiako Akademiak emandako beka bati esker (1974). Italiako hiriburuan piztu zitzaion arkitektura eta diseinuarekiko interesa. 1980an, Kultura Ministerioak beka bat eman zion arte plastikoak sustatzeko eta adierazpen forma berriak ikertzeko. Harria, burdina, bai eta laser izpiaren eskultura immateriala ere, izan zituen interes-gai, baina etxetik beretik aita Domingorengandik jasotako tradizioak eraginik, zura lantzeko gustu berezia sortu zitzaion. Etxetik jasotako gustuei Arte Klasikoarekiko eta Errenazimentuarekiko mirespena gehitu behar zaie. Gizakia oinarri izandako aro figuratibo-espresibo labur baten ondotik, Oteiza ezagutu izanak Max Bill eta Brancusi artisten eskulturaraino eraman zuen 80ko urteetan, eta oinarrizko forma geometrikoak erabili zituen (kuboa, esfera, zilindroa, oboidea eta piramidea, nagusiki); planteamendu abstraktu eta kontzeptual baten azpian, kalkuluaren zehaztasuna eta akabera fin bat baliatuz, forma haiek baliagarri izan zitzaizkion bere lanen ikusle-manipulatzailea espazioaren eta zentzumenen esperientziara gidatzeko. Erakusketen artean nabarmentzekoak dira Nafarroako Museoan 1990ean egindakoak, Barjola Museokoa 2005ean eta BBKko Kultur Gelako antologikoa, Bilbon, 2006an; halaber, laurogeita hamar talde-erakusketatan parte hartu du. Bildumak: Fundación 16, Nafarroako eta Arabako Aurrezki Kutxak, Nafarroako Gobernua eta Eusko Jaurlaritza, Gasteizko, Madrilgo eta Santa Cruz Tenerifeko Arte Moderno eta Garaikideko Museoak, Donostiako San Telmo Udal Museoa, Nafarroako Museoa eta Santiago de Chileko Salvador Allende Erresistentziaren nazioarteko Museoa. Monumentuak aire zabalean: Iruñean, Omenaldia Antxietari Irubide parkean (1979), Polifemoa Antoniutti parkean (1982), eta Argi- eta oreka-puntua Unibertsitate Publikoko Arrosadiko campusean (2003); Nafarroan, Urbasako Memoriaren monumentua, izen bereko mendian, eta Gurutzebidea, Altsasuko errepide-lotunean (2002); Gipuzkoan, Leihoa Zarautzen (1989), Goruntz Zumarragan (1994), Haizean Tolosan (2002), eta Zeharki, Donostiako Satrustegi hiribidean (1989); Bizkaian, Belak Bakion (2001) eta Zeharki II Galdakaon (2002). Lehen sariak eskuratu ditu Sabiñánigoko Angel Orensanz Nazioarteko Eskultura Lehiaketan (1982) eta Jaka Hiria Nazioarteko II. Eskultura Lehiaketan (1983), biak ere Huescan. Halaber, lehen sari nazionalak eskuratu ditu Gasteizko (1978) eta Donostiako (1983) bienaletan, Eusko Jaurlaritzako urte bereko Gure Artea Lehiaketan, eta Zarauzko Udaleko (1989) eta Zumarraga-Urretxuko (1993) eskultura-sariak, biak ere Gipuzkoan, Madrilgo Kutxa Sari Nazionalaren bigarrena sariaz gainera (1997).

FJZC

Informazio-iturriak:

ZAPATER, J. La razón al servicio de la emoción, José Ramón Anda, Navarra Hoy, 1986ko apirilaren 5a. J. R. Anda 1987-1992, Bartzelona, Gaspar Aretoa, 1992. Artez beteriko mende bat Gipuzkoako Foru Aldundiko arte-funtsetan, Donostia, Gipuzkoako Foru Aldundia, 1993. SÁENZ DE GORBEA, X. El compromiso con el espacio y el tiempo, la materia y la función, in Anda Eskultura Erakusketa. Zarauzko Udala-Gipuzkoako Foru Aldundia, 1993 J. M. E. José Ramón Anda, escultor, Diario de Navarra, 1995eko abenduaren 22a. INSAUSTI, G. ¿Una nueva escultura vasca? (I) Aizkorbe, Anda, Santxotena, Badiola, Ugarte, Nueva Revista, 72, Madril, aza-abe. 2000, 120-133. or.DELGADO, C. Esculturas de José Ramón Anda, El Punto de las Artes, Madril, 2003ko irailaren 5etik 11ra.GARCÍA YELO, M. Imaginario Anda, ABC Cultural, 606. zk., Madril, 2003ko irailaren 6a.SANZ ESQUIDE, J. A.-MERINO, J. L. El arte de José Ramón Anda, Bilbo, BBK Fundazioa, 2006.Anda, los límites de la materia, L"Hospitaleteko eta Iruñeko Udalak, 2008.SALABERRIA, I. Pulso a la materia [DVD]. Iruña, Nafarroako Gobernua, 2009.