1. Hasiera
  2. Eskultoreak
  3. Amaya, Marino

Amaya, Marino

Astorgan (Leon) jaio zen, 1927an. Gaztetan, artzain, zurgin eta ehule aritu zen. Hamabost urterekin, bizitzako lehen eskultura egiteko enkargua eman zioten; Santiago Apostoluaren estatua, harri zuriz zizelkatua. Salamancan, Arte eta Lanbide Eskolan ikasi zuen. Salamancako Diputazioak, haren aurrerapenak ikusita, beka bat eman zion eta, hari esker, 1945ean Madrilera jo zuen eskultore-ikasketak osatzeko. Gero, 1949an, munduari itzuli gisako bat egiten hasi zen, beste herri batzuetako estetikaz eta jakintzez blaitzeko; zehazki, Frantzia, Italia, Austria, Holanda, Danimarka, Norvegia, Suedia, Alemania eta Grezia aldean ibili zen. Bere kezka pertsonalak ez zituen Europa zaharrarekin ase, Egipto eta Palestinara ere joan baitzen. Airez aldatzeak mesede handia egin zion Marino Amayari, zeren, Espainiara 1950ean itzulitakoan, zilarrezko domina eskuratu baitzuen Erakusketa Nazionalean. 1951n, Leongo apezpikuak monumentu ikaragarri bat egiteko enkargua eman zion, Andre Maria Sortzez Garbiari eskainia. 1952an lehen aldiz jarri zituen ikusgai bere lanak Madrilgo Idazle eta Artisten Elkartean eta, 1954an, eskultura-lanak Leonen aurkeztu zituen. Hirurogeiko hamarkadatik aurrera, biziki landu zuen eskultura. 1974an, Astorgak, bere jaioterriak, hiriko seme kutun egin zuen eta kale bat eskaini zion. 1981ean, New Yorkeko Zoma Gallery galerian egin zuen erakusketa, non Rockefeller Fundazioak hamabost lan erosi zizkion. 1985ean, Aita Santu Joan Paulo II.ak harrera egin zion, Bizitzeko Eskubidea eskultura-lana ezagutzeko, eta artistaren lan hori bedeinkatu zuen. Gaur egun, eskultura hori Vatikanoko artelanen bilduman sartuta dago. 1985etik aurrera, Marino Amaya haurren bizitzari eskainitako lan asko hasi zen sortzen, munduko hiririk garrantzitsuenetan erakusteko eta, haien bidez, jendearengan Biziarekiko maitasuna eta errespetua pizteko. Hain zuzen ere, haurrak bizitzako hainbat arlotan -jostetan, bereziki- irudikatzen dituzten lanak dira Marino Amayaren ezaugarririk bereizgarriena. Era berean, maiz animalien irudiak txertatu ditu bere lanetan; txakurrak eta katuak, batez ere. 1981az geroztik, Amayak Marbellan (España) du estudioa, Madrilgoarekin txandaka erabiltzen duena. Eskultura publikoari emana dagoen eskultorea da, eta ezin konta ahala lan publiko ditu Espainiako zoko-moko guztietan sakabanatuta. Adibidez, Gijon, Ciudad Real, Elx, Andújar, Caceres, Malaga, Salamanca, Marbella, Soria, Madril, Leon, Getaria, Almeria eta bestetan. Haren seme Salvador Amaya aitaren pausoei jarraitu zaie eta lanbidez eskultorea da.

JMMS

Informazio-iturriak:

LÓPEZ SANCHO, L. Desde el pastoreo al arte. Marino Amaya, el escultor que se hizo a sí mismo, ABC, 1955 urtarrilaren 11.TORBADO, J., Marino Amaya, Madril, Gráficas Marte, 1982.VÁZQUEZ, A., Los niños de Marino Amaya regresan al jardín de los monos, La opinión de Málaga, 2009ko maiatzaren 12a.Artistaren webgunea: tp://marinoamaya.galeon.com/