1. Hasiera
  2. Eskultoreak
  3. Alvarez-Laviada, Manuel

Álvarez-Laviada, Manuel

Manuel Álvarez-Laviada (Oviedo, 1892-Madril, 1958). Gazte-gaztetik sortu zitzaion arte-bokazioa, eta osaba Cipriano Folguerasen eskutik hasi zen eskultura lantzen. 1909an, Madrilgo Eskultura, Pintura eta Grabatu Eskolan sartu zen; bertan, Mariano Moré pintore gijondarrarekin adiskidetu zen, eta Sebastián Miranda, Cañedo edo Juan Cristóbal buru zituen arte-talde asturiarrari lotu zitzaion.1921ean, pentsiodun-postu bietako bat eskuratu zuen eskultura-atalerako, Erromako Arte Ederretako Akademia Espainiarrean. Italiako hiriburuan 1928ra arte bizi izan zen. Urte haietan, bere estiloa landu eta finkatu zuen, Novecento deritzon ildoa osatzen duten artisten (Morbiducci, Mascherini eta Conti) eraginetatik edanda; zehazki, eraikuntza-lan monumentalerako zuten asmo handia jaso zuen haiengandik. Aldi berean, bidaia asko egin zituen Europan barrena, eta nabarmentzekoa da Greziak gure artistarentzat izan zuen erakarmena. Horren adierazgarri, hona hemen artista onaren ospea eman zioten bi eskultura: Diana Ehiztaria (bigarren domina 1926ko Arte Ederren Erakusketa Nazionalean), eta Driadak, (lehen domina 1930eko Erakusketa Nazionalean). Prestakuntza-aldia burutu ondoren, Madrilera itzuli, Erakusketa Nazionaletan eta hainbat lehiaketatan aurkeztu eta sariak eskuratu zituen. Halaber, eskultura monumentala egiten hasi zen eta, arte-jarduera lantzearekin batera, irakaskuntza-lanetan aritu zen, 1935ean Arte Ederretako Eskolako irakasle atxikia izendatu baitzuten. Gerra Zibilean, eskultore-lana hein batean baztertu eta, batez ere, Arte Ondarea Babesteko Batzordearekin aritu zen lankidetzan; hura artelanak suntsipenetik salbatzeko asmoz sortutako erakundea izan zen. Gerra bukatu ondoren, artegintzari berriz heldu zion eta, gehienbat, enkarguak egin zituen Luis Moya arkitektoarekin elkarlanean (Manoleteren omenezko monumentua Kordoban, Gijongo Lan Unibertsitateko estatuak). Bakarkako erakusketetatik ihesi, Manuel Álvarez-Laviada maiz agertu zen Erakusketa Nazionaletan eta, era berean, Bartzelonako eta Erromako lehiaketetan parte hartu zuen. Hainbat museok eta erakundek haren lan batzuk dituzte (San Fernando Arte Ederretako Errege Akademia, Asturiasko Arte Ederretako Museoa). Haren eskultura monumentala Espainiako hainbat hiritan dago.

JJAL

Informazio-iturriak:

Iruñeko Udal Agiritegia.LAFUENTE FERRARI, E., Manuel Álvarez Laviada, escultor español, Clavileño. Hispanismoari buruzko Nazioarteko Elkartearen aldizkaria, 4. zk., uztaila-abuztua, 1950, 37-43. or. Ante la inauguración del monumento a la Inmaculada, Diario de Navarra, 1954ko irailaren 5a.Fue ayer inaugurado el Monumento a la Inmaculada Concepción, Diario de Navarra, 1954ko irailaren 9a.Villameriel Fernández, D., El escultor Manuel Álvarez-Laviada. Apuntes biográficos, Erroma eta berriaren tradizioa. Diez artistas en el Gianicolo (1923-1927), Madril, Kanpoaldeko Kultur Ekintzarako Estatu Elkartea, 2003, 108-115. or.