1. Hasiera
  2. Eskultoreak
  3. Aizkorbe, Faustino

Aizkorbe, Faustino

Faustino [Gil] Aizkorbe, Olloki, 1948. Diseinu eta pinturaren mundutik dator. Autodidakta izan da, eta bere herriko natura eta euskal artisautza tradizionala izan ditu prestakuntza eskola, Chillida, Basterretxea, Mendiburu eta Oteizari darien etorri tragiko bezain soil hori agerian duela. Orioko eskultoreak -Altzuzan 1975ean finkatuak- euskal eskultore-belaunaldi berri bat aurkitu zuen harengan, eta belaunaldi hori ederki lotzen zitzaion bai estrukturaltasun operatorioari bai errealitatea espazioan kokaturiko gure (euskaldunen) biografia gisara azaltzeko asmo espiritualari. Oteizaren iritziz, Aizkorbek Malevichen suprematismoa bihurtzeari egiten dio aurre eta errotik bestelako izaera duen euskal suprematismora hurbiltzen du, zeina esperimentala baita nagusiki, sustrai poetikoduna, eta behar behar baitu edertasun adierazkorretik ihes egin eta bere izateko arrazoia egiten duenaren barne-logikan bilatu. Hainbat gai lantzen ditu teknikarik aurreratuenak erabiliz; adibidez, zura, brontzea, korten altzairua, Calataraoko eta Markinako harri beltza, eta Carrarako marmola, eta guztiak ere perfekzio formal miragarriz betetzen ditu. Eskultura publikoak bakea ekartzea du desio, eta aro modernoaren dramatismoa murriztea. Bere lanak aire zabalean daude Iruñean, Toledon, Lanzaroten, Tarragonan, Stuttgarten eta Tokion; March Fundazioan, Nizako Art Center International zentroan, Stuttgarteko Schwäbische Bank bankuan eta Tokioko Banco de Bilbaon; era berean, Nafarroako Museoan eta Pollençako Arte Modernoko Museoan; Pollençan, gainera, Urrezko Domina jaso zuen Nazioarteko IV. Eskultura Lehiaketan, 1987an.

FJZC

Informazio-iturriak:

Artista bera. OTEIZA, J. Aizcorbe, nuevo escultor en la Escuela Vasca, Iruña, Iruñeko Udal Aurrezki Kutxa, 1976. AIZKORBE, F., Aizkorbe, Agoitz, Taller Macla, 1990. Aizkorbe. Sevillako Mundu Erakusketa. Expo"92, Dorre-Elortzibar, Manuela Vilches Arte Galeria, 1992. Aizkorbe, Asturiasko Aurrezki Kutxa, 1993. INSAUSTI, G. ¿Una nueva escultura vasca? (I) Aizkorbe, Anda, Santxotena, Badiola, Ugarte, Nueva Revista, 72, Madril, azaroa-abendua. 2000, 120-133. or. DURÁN UCAR, D. Faustino Aizkorbe o la matemática anunciada por los sentidos, in Aizkorbe. Kordoba, Kordobako Udala, 2002, 13-22. or. AZANZA LÓPEZ, J. J., La imagen de San Francisco Javier en el arte contemporáneo: el caso de Navarra, Xabierren Munduak Nazioarteko Biltzarra, Iruña, Nafarroako Gobernua, 2008, 263-93. or.

http://www.aizkorbe.com