1. Hasiera
  2. Eskultoreak
  3. Agirre, Imanol

Agirre Arriaga, Imanol

Imanol Agirre, 1956an jaioa, OHOko Irakasletzan da diplomaduna, eta Filosofian lizentziaduna Euskal Herriko Unibertsitatean. Doktorea da unibertsitate bereko Balioen Filosofia eta Gizarte Antropologia Sailean, Metáforas espaciales del imaginario vasco (Euskal iruditeriaren metafora espazialak) tesia irakurri ondoren. Espazioaren ejenplifikazio antropologiko bat da, narrazio-bilbe baten gisara euskal arte modernoan. Donostiako eta Iruñeko hainbat ikastetxetan hamabost urtez irakaskuntza ertaineko maisu eta irakasle aritu ondoren, 1993an Nafarroako Unibertsitate Publikoan sartu zen, irakasle elkartu gisara, eta 1998an, unibertsitate nafar horretako irakasle-kidegoetako kide izatera pasatu zen. Gaur egun, Adierazpen Plastikoaren Didaktikako irakasle titularra da, eta Psikologia eta Pedagogia Saileko Zuzendaria.

Imanol Aguirre irakasleak, gainera, hainbat eskultura-erakusketa egin ditu, banakakoak nahiz taldekakoak, eta kide izan da edo gaur egun kide da San Telmo Museoko Patronatuaren Batzordean, Aiako Eskola-Tailerra ekimenean, eta Bitarte eta Hik-Hasi aldizkarietako erredakzio-kontseiluetan. Era berean, Ibarrola 1948-1991 eta Arte 80 erakusketetako komisarioa izan zen, biak ere Donostiako San Telmo Museoan ikusgai jarritakoak. Halaber, hainbat liburu eta ezin konta ahala artikulu idatzi ditu arte- eta pedagogia-gaiei buruz. Aiako Tailerrean garatu zuen bere lan artistikoa, eskulturaren arloan. Aipatu lantegia Gipuzkoako izen bereko herrian dago, eta 1977an sortu zen. Euskal kultura berreskuratzea izan du xede, arteen arlotik ekinez, euskal herritarren artean zabaltzeko. Egitate artistikorako sarbide minoritario eta mugatuari aurre egin nahian sortu zen lantegia, ez baitzegoen behar adina lekurik eta azpiegiturarik adierazpen plastikoa garatzeko. Lantegiaren antolatzaileak Reinaldo López eta Xabier Laka izan ziren, eta haien asmoa harrizko artelanak egitea eta harria lantzen ikasteko gune bat sortzea izan zen, harria gai garrantzitsua baita euskal kulturan. Hasierako taldeari hainbat eskultore gehitu zitzaizkion: Imanol Agirre (1979an sartutakoa), Joxe Ezenarro eta beste batzuk. Egun hainbat artistak osatzen dute lantegia: Miguel Etxeberria, Amaia Zinkunegi, Jesús Sarasua, Ander Hormazuri eta beste hainbat.Lantegiak erakusketa ugari egin zituen. 1981ean, 120 eskulturaz osaturiko lagin garrantzitsu bat jarri zuten ikusgai Donostiako San Telmo Museoan. 1983an, Iruñeko Ziudadelako Mistoen Eraikinera etorri ziren. Harako hartan, Imanol Agirrek eskultura bat laga zuen eta, gaur egun, oraindik ere bertan dirau. 1985an, Gasteizen jarri zuten erakusketa. Lantegiko lanik bereizgarrienak harriz egin ziren, hargintza-lana zaintzeko asmoz, oso garrantzitsua izan baita Euskal Herriko tradizioan, eta gainbehera etorria zen Aiako Tailerra sortu zen unean.

JMMS

Informazio-iturriak:

Zenbaiten Artean, Taller de Aya, Iruñeko Ziudadelako Mistoen Eraikineko erakusketaren katalogoa, Iruñeko Udal Aurrezki Kutxa, 1983.

MUEZ, M., El taller de Aia en la Ciudadela de Pamplona, Deia, 1983ko irailak 8.

IRABURU, I., El taller de Aia, Diario de Navarra, 1983ko irailak 3.

MANTEROLA, I eta RODRÍGUEZ VALLE, E., El taller de Aia, Arte Plastiko eta Monumentalen Ondare Koadernoak, 7. zk. 1989.